CSIC ikerketa kontseiluak Musika Tradizionalaren Artxiboa aurkeztu du Liburutegi Nazionalean

Joan den otsailaren 14an, Labritek Musika Tradizionalaren Artxiboko aurkezpenera joateko aukera izan zuen. CSIC ikerketa kontseilua, 2010. urtean hasi zen proiektu horrekin lanean, 1944 eta 1960 urte arteko espainiar musika ondarearen digitalizazio eta katalogazio lanekin.

Musika Tradizionalaren Artxiboko aurkezpen ekitaldian parte hartu zuten Ana Santos Aramburok Espainiako Liburutegi Nazionaleko zuzendariak, Miguel Emilio Lorca-Tamayok CSIC kontseiluko lehendakaria, Miguel García Guerrerok FGCSICeko zuzendaria eta CSICeko musikologiako ikerlaria eta proiektuaren zuzendaria den Emilio Ros-Fábregasek.

Emiliok berak azaldu zuen 40. eta 50. hamarkadako ahaztutako artxiboak berreskuratzen bere taldeak egindako lana.

Zalantzarik gabe, oso albiste ona da musika ondarean aditu eta interesatuentzako. Artxiboko webgunearen bitartez jasotako hogei mila melodia herrikoi baino gehiago daude eskuragarri, bai paperezkoan eta baita ikus-entzunezko euskarri ezberdinetan ere.

Webgunea espainolez, ingelesez eta katalanez dago ikusgai eta aldagai mota guztiak erabiliz bilaketak egiteko aukera eskaintzen du, herriaren bitartez, generoaren bitartez, konposizio motaren arabera eta baita informatzaile edo ikerlariaren izenaren bitartez ere.

Garrantzitsua da nabarmentzea partiturak interpretatu nahi dituen ororentzat eskuragarri egoteaz gainera, garai bateko Musikologiako Espainiar Institutuak jasotako grabazioak ere entzungai daudela hari magnetikoa bezalako formatuetan.

Ez dirudi erraza denik abesti herrikoi bat gogora ekartzea entzun eta sentitu gabe, horregatik, CSICek egindako digitalizazioei esker, entzuleek espainiar gizartearen memorian errotutako kultur adierazpenetara bidaiatzeko aukera izanen dute.

Labriten ikus-entzunezko lengoaiaren aldeko apustua egiten dugu eta kasu honetan teknologia berriek beste behin erakutsi digute ondarearen dokumentazio eta dibulgaziorako duten gaitasuna  eta nola gerturatzen gaituzten ahozko tradizioaren melodietara.

Hala eta guztiz ere, musika bezalako adierazpen inmaterialak ezin dira ulertu objektu materialen urrutiko elementuak bailiran. Horregatik, musika tresna tradizionalak ondare inmaterialaren arloan funtsezkoak dira. Hori frogaturik gelditu zen Vanesa Muela abeslari eta perkusionistaren emanaldian. Musika Tradizionalaren Artxiboko argitaragabeko hainbat konposizio interpretatu zituen musika tresna ezberdinekin, adibidez pandero karratuarekin edo “carajillo” izeneko instrumentuarekin.

Baina gure arreta musika tresna arruntenak deitu zuen: gorputz atal ezberdinak kolpatuz kriskitinen antzeko soinu ezberdinak ateratzen dituzten bi koilarek.

Vanesa Muelak azaldu zuen koilarak jotzen Salamancako herri txiki batean ikasi zuela. Orain dela urte asko adineko gizon bat ezagutu zuen bertan, eta Vanesa abesten ikusi zuenean bere koilarak atera eta jotzen hasi zen.

Laburbilduz, Musika Tradizionalaren Artxiboak adituentzako, ikertzaileentzako eta ondare eta musikologian zaleak direnentzako bide berriak irekitzen ditu. Gainera, melodia, abesti, kantu eta doinu tradizionalei lotutako memoria kolektiboa gogora ekartzeko aukera eskainiko du.

Parteka ezazu!

Share on facebook
Share on twitter
Share on whatsapp
Share on telegram
Share on email