Kontatu genizuen moduan, orain dela aste batzuk Latinoameriketan izan ginen Ondare Immateriala kudeatzeko gure modua ezagutzera emateko, eta noski, baita gure eguneroko jardunerako bestelako metodologiak, kontzeptuak eta ereduak ezagutzeko ere.
Argentinan bezala, Mexikon ere instituzionalki nahiz akademikoki maila altuko kongresu batean parte hartzea izan zen gure helburuetako bat. Kasu honetan, azaroaren 7tik 11ra bitarte Hermosillon, Sonoran, ospatutako Kultur Ondare Immaterialaren Babeserako Esperientziei buruzko Nazioarteko IV. Kongresuan izan ginen.
Ez genuen behin ere parte hartu halako kongresu kolosal batean: ia denbora guztian bost mahi ezberdinetan konferentziak, proiekzioak eta jarduerak eskaintzen ziren aldi berean, zein baino zein interesgarriagoak. Bost egunetan, guztira, 300 esperientzia baino gehiago. Horien artean Labrit Ondareak eskainitako bi ponentzia zeuden: Gure jardunaren metodologiari buruzkoa bata eta publiko infantilari zuzendutako Kultur Ondare Immmaterialaren hedatzean egiten dugu lanari buruzkoa bigarrena.
Gainerako ponentziei dagokionez, gure arreta dokumentazio eta hedapenari buruzko esperientzia globaletan jartzen saiatu gara, baina gai anitzetan aplikatutako adibideak aurkitu ditugu: hurbilketa juridikoa, politika publikoak, parte-hartze komunitarioa, nazioarteko harremanak, deklarazioak, jabetza kolektiboa… Behin-betiko egitaraua ikus dezakezue hemen.
Bereziki interesgarria izan zen egun horiek yaqui komunitatearekin eta Sonorako ipar-mendebaldeko bestelako herri eta nazioekin konpartitzea: euren Ondare Immaterialaren babeserako duten inplikazioa lagungarri izan zitzaigun beti aipatu ohi ditugun eta batzuetan ezezagunak ditugun “komunitate” horiei aurpegia jartzeko.