Leitzak bere etxealdiaren memoria jasoko du

Leitzako Udalak hitzarmen bat sinatu du gaur Labrit Ondarea-rekin COVID-19ak sortutako ezohiko egoera honetan bizitakoak bildu, gorde eta herritaratzeko.

Udalerriko egunerokoa guztiz aldatu da aste hauetan. Jenderik gabeko kale hutsak, irekita  gelditutako saltokietako ilarak, zigilu pean dauden parkeak, galtzada-harri tradizionalen zirrikituetan hazitako loreak eta maiz balkoira ateratzen diren herritarrak normaltasunera noiz bueltatuko zain. Bakardadea, asperdura edota antsietatea sortu diguten egunak dira… Baina ekimen positibo eta berritzaileak ere ekarri ditu Koronabirusak. Zailtasunak dituzten pertsonei laguntzeko boluntario sarea, bideo kolektiboak, distantzian sortutako abestiak edo orain inoiz baino gehiago bertako produktuen kontsumoa sustatzeko auzolanean oinarritutako “Baserritik etxera” bezalako proiektuak.

Zalantzarik gabe etorkizuna guztiz aldatuko duen momentu historikoa izaten ari da eta Leitzako Udalak bildu egin nahi izan du zenbait hamarkada barru memoria hori sakonean ezagutu eta ezagutarazteko, praktika egokien eredu ezin hobea izaten ari baita.

Labrit Ondarearekin sinatutako hitzarmenaren bitartez, hilabete hauetan bizitako esperientziaren bilketa, babesa eta transmisioa bermatuko da ikuspuntu historiko, antropologiko eta gizatiar batetan oinarrituta.

Argazkian, Leitzako alkatea den Mikel Zabaleta Aramendia eta Itziar Luri Equiza, Labrit Ondareko ordezkaria.

Parteka ezazu!

Share on facebook
Share on twitter
Share on whatsapp
Share on telegram
Share on email