Mundu osoko museoak gaur, 2017ko maiatzaren 18an, euren Nazioarteko Eguna ospatzen dute eta honakoa da aurtengo Museoen Nazioarteko Egunaren gaia, Museoak eta historia eztabaidagarriak: museoetan esan ezin dena esanez. Gai honen bitartez, historia traumatikoetan eta ikuspuntu ezberdinen arteko elkargune gisa museoen eginkizuna nabarmentzen da.
Horrela, museoen bitartez pertsonen eta herrien arteko harremanak baketzea da helburua, hala Kultur Ondarearen bidez adiskidetzeko lan bati hasiera emanez.
Maiatzaren 18ko jarduerez gain, maiatzaren 20an, larunbata, Museoen Gaua ospatuko da. Europako 30 herrialdetako ia 3.000 museok euren ateak gauez eta doan irekiko dituzte kultur ondasunak bestelako argi batekin ezagutzeko.
Ondare Immaterialak dituen berezko ezaugarriengatik, museoratzea konplexua eta polemikoa den ondare mota bat da. Museo etnografikoak ezagutza ekoizle eta hori islatzen duen ispilu gisa uler daitezke. Objektuen antolaketa eta erakusketa kasu gehienetan ez da ausaz egiten, normalean diskurtso teorikoetan edo ildo politikoetan oinarritutako nahitasun bati erantzuten ohi diote.
Hala ere, museo etnografikoek objektuak inguratzen duen sistemarekin zuen jatorrizko harremana lehengoratzeko eskaintzen duten aukera, parametro egokiak jarraituz gero, Kultur Ondare Immaterialaren babesari (bere euskarri materialei lotuta) dagokionez, leheneratze prozesu eraginkorrenetako bat da.
Egun hau ospatzeko ez da gauza hoberik museo bat bisitatzea baino, hobe ezezaguna bada edo lehen begiratuan arrotz suertatzen zaigun museo bat bada. Nork daki? agian besteen lanak eta tresnak behatuz, geure burua hobeto ezagutzeko modua aurkituko dugu.