Kilometro karratu bakarreko memoria

Atzo maskaren erabileraren agindua indarrean sartu zen. Sei urtetik gorakoentzako beharrezkoak
izanen dira maskarak segurtasun distantziak mantendu ezin direnean. Atarrabian ordea, aski ohituta
daude, Nafarroako edozein txokotan baino lehenago zabaldu zen neurria herritarren artean. Izan ere,
bi metroko distantzia mantentzea ia ezinezkoa da 1,08 kilometro karratu eskaseko azaleran bizi
diren 10.204 biztanleentzat.
Atarrabian, egunerokoa guztiz aldatu da. COVID-19ak bi hilabete hauetan bertako kaleetako giroa,
herritarren artean erlazionatzeko modua, erosketak egin edota denbora pasatzeko modua ere erabat
moldatu du. Atarrabiako Udalaren lehentasunetako asko ere aldatu egin dira, segurtasuna eta
ongizatea orain inoiz baino gehiago lehenetsiz. Horregatik guztiagatik, Atarrabiak hitzarmen bat
sinatu du Labrit Ondarearekin Koronabirusaren eraginez bizitakoak bildu, gorde eta herritaratzeko.
Geroz eta gehiago dira, etorkizunean eragina izanen duen momentu historiko hau biltzearen
garrantziaz kontziente diren udalerriak. Etxealdian eta normaltasunera bueltatzeko bidean
bizitakoak zenbait urte barru oroitzapen bilakatuko dira. Kalera erosketak egitera baino atera ezin
gineneko oroitzapenak. Atarrabian denok udal barrutitik atera ezinik kirola egiten bueltaka ibiltzen
ginenekoak edo kilometro gutxitara bizi diren senide eta lagunak bisitatu ezin genituenekoak.
Osteguneroko azoka aste batzuetan bertan behera gelditu eta gero, Udal Plazan egiten hasi zenekoa.
Etxetik irten eta herriko zenbait kale oinezkoentzako soilik bilakatu ziren eguna. Eskolara joan
ezinik gelditu ginen ikasturte hartan, klaseak online jasotzen genitueneko oroitzapenak edo gure
zenbait bizilagunen alderdi artistiko edo ezezagunenak ezagutu genituenekoak.
Labrit Ondarearekin sinatutako hitzarmenaren bitartez, hilabete hauetan bizitako esperientziaren
bilketa, babesa eta transmisioa bermatuko da ikuspuntu historiko, antropologiko eta gizatiar batetan
oinarrituta. Guztira, sei OIU (Ondare Immaterialaren Unitate) grabatu, indexatu eta editatuko dira,
ondoren transmisiorako ikus-entzunezkoa ekoizteko oinarri izanen direnak. Ikasteko baliagarria
izanen zaigun esperientzia eta etorkizunean gozatzeko aukera emanen digun ondare immateriala.
Argazkian, Atarrabiako alkatea den Mikel Oteiza Iza eta Itziar Luri Equiza, Labrit Ondareko
ordezkaria.

Parteka ezazu!

Share on facebook
Share on twitter
Share on whatsapp
Share on telegram
Share on email