www.iruñekopeñak.com

Peñen Federazioak bi erronka planteatu zizkigun: Iruñeko Peñen dokumentu-funtsa digitalizatzea, hiriko Historia bizia eta herritarrei erakustea peñak sanferminak baino gehiago direla, urte osoan zehar jarduerak egiten dituztela.

Labrit Ondarea ahozko memoriaren, ondare immaterialaren, identitate eta imajinario kolektiboen kudeaketaz arduratzen da, eta beraz, ilusio handiz ekin diogu proiektu honi. Horretarako, Labriteko antropologo taldea eta komunikazio taldea elkarlanean  aritu gara. Gure planteamendua ikuspegi antropologiko eta parte hartzaile batetik egin dugu: peñen memoria kolektiboaren testigantzak bildu ditugu, peñakideek urtean zehar egiten dituzten jarduerak kontatuz; eta, nola ez, peña guztien funtsezko informazioa bildu eta ikuspegi komunikatibo batekin sailkatu dugu, erraz eskuratzeko modukoa eta oso bisuala izan dadin.

Ikus dezagun webgunea. Lehenengo eta behin, hasierako web-orrian, grafikoki eta oso modu bisualean, peñek komunitatean duten inpaktu handiaren dimentsioa ematen duten hainbat datu aurkitzen ditugu: 16 peña guztira, peña zaharrenak ia 120 urte ditu, guztira 5.000 peñakide baino gehiago dituzte eta azken 120 urteetako 800 pankarta baino gehiago digitalizatu ditugu.

6 atal:

-FEDERAZIOA: orri honetan Peñen Federazioaren aurkezpen labur bat aurkituko dugu eta federazioak bere historiari buruz duela urte batzuk argitaratu zuen liburua deskarga daiteke.

-PEÑAK: atal honetan bakoitzaren fitxa bat aurkituko dugu, bere armarriarekin, ereserkiaren letrarekin, bere ereserkiaren 3 bertsio entzuteko aukera, mapan kokapena eta beste datu garrantzitsu batzuk topa ditzakegu. Eta ez hori bakarrik, peña bakoitzaren fitxan antropologikoki interpretatutako argazkiak deitzen ditugunak aurki ditzakegu, webgunean «argazkiak mintzo» deitu ditugunak, non peñetako kideek urtean zehar egiten dituzten jarduerak kontatzen dizkiguten beren argazkietatik abiatuta.

-PANKARTAK: interpretatutako argazkiekin batera, seguruenik interesgarriena izango den atala. Lehen esan bezala, azken 120 urteetako 861 pankarta digitalizatu ditugu. Esan daiteke atal honetan hiriaren eta Nafarroa osoaren memoria kolektiboa jasotzen dela. Pankartak bilatzaile bikoitz baten bidez kontsulta daitezke, urteka eta peñaka, eta horrela hiriaren eta sanferminen Historian zehar ibil gaitezke.

-ARGAZKIAK MINTZO: atal honetan, lehen aipatutako argazki interpretatu guztiak zentralizatu ditugu, Sanferminetatik harago peñen eta federazioaren jardueren kontakizun kolektiboa. Adibideak: Peñen Federazioa (2022, barne-prozesua); Peña Oberena (2016, Labrit-75. urteurrena).

-ARGAZKI GALERIA: Iruñeko jaietako kolorea, aniztasuna eta alaitasuna erakusten duten azken urteetako argazki multzo ederra ezin zen falta.

-KONTAKTUA: eta, azkenik, harremanetarako formulario bat eta mapa bat Iruñeko 16 peñen kokapenarekin.

Ziur gaude, azken finean, hiriaren historiarako eta sanferminen historiarako garrantzi handiko edukia duen webgunea dela, denborarekin hazten jarraitzeko bokazioa duena eta bisitatzen dutenean herritarrek asko gozatuko dutena.

 

Parteka ezazu!

Share on facebook
Share on twitter
Share on whatsapp
Share on telegram
Share on email