Ba al dakizu Ollaran mapan kokatzen? Autoa hartu eta bertaraino joateko errepidea ezagutzen al duzu? Anotz, Arteta, Egillor, Beasoain, Iltzarbe, Ollo, Oskia, Saldise, Senosiain eta Ultzurrun herriak, alegia.
Ba errepide hori zainetan itsatsirik darama FELIPE ITOIZ MUTILOAk (Beasoain). Ederki ezagutzen du, berak eraiki zuelako. Duela 60 bat urte izan zen, 23 eta 80 pezeta artean irabazten zuen lanegun bakoitzeko. Gogorra zen lana: aurrena lurra prestatu, astoekin harria ekarri, harri hori mailuarekin txikitu, bidea estali eta handik hiru urtera galipota bota. Bide bazterrean lanean, Iruñearekin eta ondoko herriekin komunikazioa betirako erraztuko zuen errepidean aritu zen Felipe.
Eta JUAN IBARROLA HUARTE (Arteta) aldiz, gatza lantzea zuen lanbidetzat. Ongi ordaindutako lana, nonbait. Maiatza eta abuztua bitartean porlanezko soro batean ur garbia bota eta gatzatutakoan jasotzen zuten. Idiek bultzaturiko gurdian Uharte Arakil, Arruazu, Lakuntza edota Arbizun saltzen zuten. Merkatu handia zuen gatzak, batez ere zerria hiltzen zuten lekuetan.
Aberasgarria benetan Ollaranen, sutondoan entzun ditugun istorioak. LABRIT ONDAREAK bertan jasotako XX.mendeko lekukotzak bildu, aztertu eta gorde egin ditu. Udalaren eskariz, Navarchivo eta NUP-rekin batera bailarako ondare ez-materiala gorde dute. 2013-14 artean 17 biztanle elkarrizketatu ditu Labrit Ondareak, jasotakoa LARUNBATEAN EZAGUTZERA EMANEN DU UDALAK. URRIAREN 4EAN, 12:00ETAN EGILLORKO ELKARTEAN.