15 bizitza istoriotan oinarrituta, Antsoainen egin dugun ahozko memoriaren bilketaren aurkezpenak harrera beroa izan du udalerrian.
Nolakoa zen Antsoain XX. mendearen erdialdean? Teresa Martirenaren hitzetan, “bide batzuk eta errepidea auzolanean egin zirela gogoratzen dut”. Justo Larumbek azaltzen duenez, “Iruñera oinez joaten ginen Kaputxinoetatik autobus bat jarri zuten arte”. Era berean, Magdalena Fernándezek hurrengoa dio: “neskak espaloian ibiltzen ginen txinatarrekin, tortolosekin eta kromoekin jolasean, eta mutilak futbolean aritzen ziren Divina Pastora zelaian”.
Testigantza horiek, beste 12 biztanleren kontakizunekin batera, udalerriaren ahozko memoriaren bilduman jaso dira eta Nafarroako Ondare Materiagabearen Artxiboan (Navarchivo) gordeko dira.
Ekainaren 7an bildutako lana Antsoaingo antzokian aurkeztu genuen. Ekitaldian Marta Díez alkateak, Abel Castillo, Labrit Ondareko Memoriaren Kudeaketaren arduradunak, eta Alfredo Asiain, Nafarroako Ondare Materiagabearen Artxiboko zuzendariak, parte hartu zuten, baita proiektuan haien testigantza eskainiz parte hartu duten 15 pertsonak beren familiekin batera ere.
27 elkarrizketa, 31 orduko memoriak, 849 oroitzapen
Ondare Immaterialaren bilduma aldez aurretik hautatutako pertsona bakoitzaren bizitzari buruzko elkarrizketa pertsonalizatuak egitean oinarritzen da. Elkarrizketa horiei esker, Nafarroako udalerri ezberdinetako bizimoduari buruzko informazioa lor daiteke: familia-etxea, janzkera eta elikadura, herriko bizitza kolektiboa, ohiturak, bizilagunen arteko harremanak, auzolana, baliabide komunalen erabilera, garai hartako lanbideak, azokak, erlijioa edo jai-ospakizunak dira lanak jorratzen dituen gaietako batzuk.
Labrit ondarea-k, ahozko ondarearen bilketan espezializatutako enpresak, 15 elkarrizketa egin ditu ikus-entzunezko formatuan, 849 pasarte edo atal dituen 31 orduko grabazioa osatuz. Antsoaingo erretratua egiteko elkarrizketatu diren pertsonak hurrengoak izan dira:
Mª Concepción Salinas Andueza
Justo Larumbe Gorria
Nieves Pérez De Urabayen Ruiz
Mikel Otazu Iracheta
Clara Suárez Torrus
Felisa Sarasibar Esquíroz
Ismael Otazu Murgialdai
Ángel Martínez Burgos
Mariaje Mendoza Antón
Jesús Mari Goñi Baró
Ángel Leunda Farea
Joaquín Preciado Hernández
Teresa Martirena Astiz
Loli Alfaro García
Magdalena Fernández Zabaleta
Oroitzapen horiek artxibatu, aztertu eta babestu egin dira, Navarchivo eta gure memoria kolektiboaren parte diren Nafarroako 500 bat herritan egindako 2.800 elkarrizketekin batera. Ekimenaren arduradunen arabera, “ondare hori oso aberasgarria da, udalerrien ‘genoma kulturalaren’ antzeko zerbait; hori dela eta, bildutako lana babestu eta hurrengo belaunaldiei helarazi behar diegu”.