Hirugarren urtez , Arena Comunicación, Clau Creative eta Labrit Multimedia ekoiztetxe nafarrak elkarlanean aritu gara EITBrentzat Sanferminei buruzko dokumental bat sortzeko. EITBk prime time ordutegian estreinatuko du film luzea ETB2n uztailaren 1ean, astelehena, eta ETB1ean uztailaren 3an, asteazkena, eta aurrestreinaldia gaur izango da, Nafarroako Filmotekan.
Sanferminetako irudiak mundu osoan zehar dira ezagunak. Hala ere, Sanferminen historia luzeak argitaratu gabeko irudi ezezagunak ezkutatzen ditu, orain arte gordetako ondare kulturala.
Zehazki, joan den mendeko 40ko eta 50eko hamarkadetan jende gutxik ikusitako irudiak filmatu ziren. Geroago, 60ko hamarkadan, tomabisten asmakuntzak Iruñeko familia batzuei inoiz publiko egin ez ziren oroitzapenak erregistratzeko aukera eman zien, familia-proiekzio txikietatik haratago. Gero bideoa, mugikorrak, Internet… iritsi ziren, eta film-fitxategi hori kaxoi batean gordeta geratu zen.
Euskal Telebistak, Arena Comunicaciíb, Clau Creative eta Labrit Multimedia ekoiztetxe nafarren eskutik, orain arte Nafarroako eta Euskadiko Filmotekan artxibatua zegoen material horren zati bat berreskuratu du. Etxeko filmak dira, San Fermin jaien begirada intimoa, hurbila eta benetako historia islatzen duena. Familia-film horien egileak Nafarroako pertsona anonimoak dira, Super 8 milimetro formatuko tomabistekin filmatuak 30eko hamarkadatik 90eko hamarkadara arte.
2024ko Sanferminen etorrerarekin, EITBk balio kultural handiko material hori aztertzeko aukera eskainiko dio audientziari, jaien iragana ezagutu eta nola eraldatu diren jakiteko.
Proiekzio aretoa
Eta irudi hauek egileen senideei eta sanferminak maite dituztenei proiektatuko bagenizkie? Nola erreakzionatuko lukete? Hori da dokumentalak bilatzen duen proposamena, euskarazko bertsioekin (“Sanferminak inoiz ez ikusi bezala”) eta gaztelaniazkoekin (“Los Sanfermines nunca vistos”).
Bi film luzeak proiekzio gela intimo eta etxekoi batean erakutsiko dira. Bertan, hizkuntza-bertsio bakoitzeko 6 talde egongo dira. Bitartean, adineko pertsonak ikusiko ditugu beren bizipenak gogora ekartzen, adin ertaineko bikoteak beren seme-alabei pantailan ikusten dutena azaltzen, gazteak eta ez hain gazteak irudi zahar ustekabekoen aurrean erreakzionatzen eta jaiak orain nola bizi dituzten komentatzen…
Pertsona horien artean daude, adibidez, erraldoi eta buruhandien konpartsako komunikazio zuzendaria, Zezen Plazako saltzaile ohi ezagunak, tabernari ohiak, peñetako kideak eta baita Pamplonesakoak ere.
Super 8ko kamerek oso kartutxo txikiak zituzten, filmak gutxi irauten zuen, eta oso ongi aukeratu behar zen zer filmatu. Bi dokumentalek gazteek inoiz ikusi ez dituzten elementu deigarriak erakutsiko dituzte: gazteak astoarekin Alde Zaharrean parrandan, trafikoa Gaztelu Plazan, aharien arteko gudak edo zirkuak zezen-plazan, motozikleta-lasterketak Takoneran, etab. Baita denboran iraun duten eta Iruñeko herritarrek urtero gozatzen dituzten jarduerak ere: txupinazoa, prozesioa, erraldoi eta buruhandiak, barrakak, peñen kalejirak pankarta eta txarangekin, etab.
Nafarroako koprodukzioa
Hirugarren urtez jarraian, Arena Comunicación, Clau Creative eta Labrit Multimedia ekoiztetxe nafarrek, indarrak batu dituzte Sanferminei buruzko dokumental bat egiteko ETBrentzat. Hirurek esperientzia handia dute ikus-entzunezkoen sektorean eta bakoitzak trebetasun jakin bat eskaintzen du.
Elkarrizketak oinarri hartuta, dokumentu-narratiban duen esperientzia dakar Arenak. Pablo Iraburuk zuzendu du film luzea, eta gidoilari lanetan ere aritu da. Labrit Multimediari dagokionez, Oroitz Zabala kogidoilaria izan da Irabururekin batera. Clau Creative-ren aldetik, publizitate-filmaketetan aritua, Quim Torrents arduratu da argazki-zuzendaritzaz.
Amaia Arrieta (Labrit Multimedia) eta Ohiane Iriarte (Arena Komunikazioa) arduratu dira ekoizpenaz. Muntaia egiteaz Arena Comunicación arduratu da eta postprodukzioa eta etalonajea Clau Creative.
Aurrestreinaldia ekainaren 28an
EITBk prime time ordutegian estreinatuko du film luzea uztailaren 1ean, astelehena, ETB2n, eta uztailaren 3an, asteazkena, ETB1en. Bi data horietatik aurrera, film luzeak ikus-entzunezko taldearen Pr1meran plataforman sartuko dira. Hala ere, dokumentalean parte hartzen dutenek eta herritarrek, oro har, Nafarroako ekoiztetxeek eta EITBk ekainaren 28an 19:30ean Nafarroako Filmotekan antolatu duten aurrestreinaldian parte hartu ahal izango dute.