“Iragana, orain, etorkizuna eraikitzeko baliagarria izan dadila”
Horrelaxe abiatzen da Xulapainen errodaturiko “Galburu sustraituak” dokumentala. Bertako biztanleen memoriatik abiatu eta XX.mendera eramaten gaituena.
Heldu den larunbatean, ekainak 20, bailararen festa egunean bertan aurkeztuko da lan hau.
Bere 13 herriak duela 100 urte bezalaxe erakusten ditu lanak. Atzera bidaia proposatzen digu garai bateko Aristregi, Beltzuntze, Beorburu, Gartziriain, Larraiotz, Markelain, Nabatz , Nuin, Ollakarizketa, Otsakar , Osinaga, Untzu, Usi herrietara. Hain zuzen ere, bertako bizilagunen artean lurra lantzeko eultzilaria erosi zutenen denboretara.
Dokumentala egin bitartean balore handiko dokumentu bat topatu dugu gainera: “Atzera begiratu eta XIX.mendea ezagutu zuenik ez dago gure artean dagoeneko. Baina beraien ondorengoek aski ongi dakite euren arbasoak euskaraz bizi zirela. Xulapaingo hizkuntz zaharra. Iruñeko Elizbarrutiko artxiboan Untzuko apaizak latinetik euskaraturiko erritua dute jasota. Nafarroa Garaiko euskalkian idatzi zuen ezkontzaren zeremonia, gaizki ulerturik gabe senar emaztegaiek bereganatuko zuten konpromisoa behar bezala uler zezaten.”
Idazkia altxor bat da bere horretan. Euskalki honek duen harribitxia.
Eta beste harribitxi bat ere badu dokumentalak. Xangolo Mangolo kantuaren berreskuratzea. AURORA BELTRAN abeslariak ahotsa jarri dio soinu bandarako berritu den kantu zahar honi, batez ere, aitzinako sekretu bat gordetzen duelako bere letrak.
LABRIT MULTIMEDIAk eta XULAPAINGO UDALAk ekoizturiko dokumental hauxe heldu den larunbatean, ekainak 20, estreinatuko da Beltzunzeko eskola zaharrean arratsaldeko 6etan. Gonbidatuta zaude!
https://vimeo.com/127588169