Esteribarko turismo-eskuorria

Esteribarren handitasunaren oinarria haren ingurune natural pribilegiatua da, eta tokiko kultura aberatsean islatzen da. Turismo-eskuorri bat egin dugu ondare natural eta kultural hori balioan jartzeko, Esteribarko Udalaren eta Esteribar Helmuga elkartearen eskutik.

Julio Caro Barojaren esanetan, “Ehiztari Ibarra” izenetik datorkio deitura, Erdi Aroan egoiliarrek ehizatzeko zituzten pribilegioengatik.

Kintoko oihana da ibarraren hauspoa: 2.500 hektareako basoak Europako pagadi handienetako bat osatzen du, eta fauna eta flora dibertsitate zabala dauka. Bertako baliabideak aprobetxatzeko modu tradizionalak eta mugaz gaindiko izaerak funtsezko rola eman diote Esteribarren bilakaeran.

Arga ibaiak iparraldetik hegoaldera zeharkatzen du ibarra, eta paisaia, hizkuntza eta bertakoen nortasuna moldatzen ditu. Gertuko Iruñerako bidean, errota eta zentral elektriko zaharrak, burdinolen hondarrak eta zubiak aurki ditzakegu; badute zer kontatu garai bateko egoiliarrei eta errabiaren aurkako erritu babesleei buruz.

Donejakue Bideak leku egin zien herri berriei. Ibarraren arkitektura kaleetan, etxeetan, jauregietan eta elizetan antzeman daiteke, eta eraikuntza-beharrak gotikoko eta errenazimentuko aberastasun artistikoarekin uztartzen ditu.

Dolmenak edo Pirinio Lerroko bunkerrak ikus ditzakezu, baita Eugiko urtegiaren ur bareari erreparatu, non ibarraren historiaren zati bat datzan. Oinez, BTTan, zaldiz, patxadaz edo abentura-kirolak praktikatuz… hamaika aukera dituzu ibarrean barna ibiltzeko. Etorri eta ezagut itzazu!

Parteka ezazu!

Share on facebook
Share on twitter
Share on whatsapp
Share on telegram
Share on email