ERRONKARI GAZTA JATORRI IZEN BABESTUAREN 40. URTEMUGA

Erronkari Gazta Jatorri Izen Babestuak bere berrogeigarren urtemuga ospatu zuen pasa den urriaren 22an, Burgiko plazan. Ekitaldiaren bidez, omenaldia egin zitzaien kalitatezko produktu hau garatzen lagundu duten pertsona eta erakunde guztiei, hala esne ekoizleei nola gaztagileei, hain zuzen. Egunak, halaber, oroitarazi zuen Erronkari Gazta izan zela Kalitatezko Izena erregistroa eskuratu zuen lehen gazta, 1981ean. Ekitaldian bertan, Itziar Gomez Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria eta Erronkaribarko ordezkari instituzionalak izan ziren.

Labrit Ondareak urteurren horren antolaketarekin eta komunikazioarekin lotutako lanak egin ditu.

Aspaldi-aspalditik egiten da gazta Erronkari Ibaxan, baina duela lau hamarkada gelditu zen ofizialki erregistraturik, Nekazaritza Ministerioaren 1981eko martxoaren 2ko Aginduaren bidez, Erronkarin bertako ardien esne gordinarekin egindako gazta babesteko asmoz. Bertako ardiak latxa eta rasa arrazakoak dira. Berrogei urtean, Jatorri Izena finkatu egin da eta estatuko nahiz nazioarteko merkatuan aitortua dago. Ekoizle kopurua eta ekoizpena, gainera, egonkor daude, ia 400.000 kilo gazta ekoizten baitira urteko.

Gazta hau egin eta ontzeko eremua Erronkari Ibaxa osatzen duten zazpi udalerriei bakarrik dagokie: Burgi, Garde, Izaba, Erronkari, Urzainki, Uztarroze eta Bidankozeri, alegia. Gaur egun, bost gaztandegik egiten dute gazta hau. Hauek dira: Uztarrotze, Quesos Larra, Roncalact, Enaquesa eta Marina Collado.

Nabarmendu behar da zeinen garrantzi handia duen Erronkari Gazta izenak abeltzaintzarako. 128 azienda-ustiategi dira, Nafarroako Mendialdean banatuak; bereziki, ipar-mendebaldeko nekazaritza-eskualdean kokatuak. Eta gaur egun, bana beste, 2,4 milioi litro ardi-esne ekoizten dute urtero. 

INTIA-Kontseilu Erregulatzailea arduratzen da Erronkari Gaztaren ekoizpena sustatu, babestu eta kontrolatzeaz, produktuaren kalitatea entitate independente baten kontrol zorrotzekin zainduta.

Latxa eta nafar arrazako ardien esne gordinez egindako gazta da, eta hura ontzeko, nahitaezkoa da lau hilabetez edukitzea; Erronkaribarreko gaztandegietan ekoizten da, esklusiboki. Azal natural, gogor, zakar, urintsu eta arreko edo lasto kolorekoa da; eta mamia gogorra eta zulotxoduna da, begirik gabea. Usaina eta zaporea bereziak ditu, zertxobait mina da, eta zuri-horixka da moztutakoan.

Gainera, Reyno Gourmet markak babesten du; zigilu hori Nafarroako kalitate ziurtagiria duten nekazaritzako janari produktuek dute.

Parteka ezazu!

Share on facebook
Share on twitter
Share on whatsapp
Share on telegram
Share on email