Belaunaldien arteko komunikazioa bultzatzeko asmoz, Erronkariko Ibarreko Batzordeak Borta proiektua jarri du abian. Liburu bidaiaria da, eta harana osatzen duten zazpi herrietan barrena ibiliko da zazpi hilabetez, adinekoen istorioak eta oroitzapenak etxeko atean jasotzeko.
Erronkari Ibarreko Batzordeaz gain, Bortak (Erronkariko atea euskaraz) Bardeetako Batzarraren laguntza eta Labrit Ondarearen aholkularitza ditu.
Proiektuak belaunaldien arteko komunikazioa bultzatu nahi du bailaran; horretarako, alde batetik, adineko biztanleak aktibatu nahi ditu, oroimena eta ahozko transmisioa baliatuz, eta, bestetik, gazteenak auzolan batean inplikatu nahi ditu, errotzea indartu eta, aldi berean, historia bera jaso eta biltzea ahalbidetzen baitu, protagonistek beraiek kontatutako bizi-pasarteen bidez.
Bidaia liburua bailarako argazki zaharren ahozko interpretazioan eta belaunaldi berriei egindako transmisioan oinarrituko da.
Ariketan parte hartzen duten adinekoen ahozko testigantzak bideoan eta idatziz jasoko dira, norberaren etxeko atean. Ondoren, pertsona horren irudi bat, interpretatutako argazkia eta haren daturik esanguratsuenak erantsiko zaizkio liburu bidaiariari.
Amaitzeko, lan hau guztia webgune batean ikusi ahal izango da.