Zenbait egunetan bulegoan sartuta eta ordenagailuaren aurrean lan egiten badugu ere, beste aste batzuetan benetan gustatzen zaigun hori egiten dugu: Ondare Immateriala bildu, ezaugarritu, aurkeztu eta zabaldu.
Ekaina hilabete bizia izaten ari da, aste hau bereziki mugitua izaten ari da, zuekin partekatu nahi ditugun hiru ekitaldi izan baititugu:
Leatxeko Ondare Immaterialaren ezaugarritzea. Ondare Immateriala kudeatzeko erabiltzen dugun metodologia bereziki parte-hartzailea da. Eta parte-hartze eta sozializazio hori elkarrizketatuko ditugun pertsonak aukeratu aurretik hasten da: ezaugarritze fasean hain zuzen ere. Esaterako, kontatu digute mahats-biltze garaian harginaren etxean egiten zuten dantza edo herrian zeuden iturri ezberdinak.
Faltzesko informatzaileei (eta euren senitartekoei) bilketa prozesuaren aurkezpena. Faltzesko 22 pertsonek euren testigantzak eskainiko dituzte udalerriko XX. mendeko kultura tradizionala eta historia dokumentatzeko. Gaur arratsaldean bertaratutakoei gure lan egiteko modua aurkeztu diegu, horrela Ondare Immaterialaren Unitateak biltzerako orduan, informatzaileak proiektuan are eta inplikatuago egon daitezen.
Eguesibarreko Ondare Immaterialari buruzko konferentzia. Orain dela hilabete Kultur Ondare Immaterialaren transmisio fasea amaitu genuen Eguesibarren eta Uharteko Arte Garaikidearen Zentroak prozesua gogorarazteko gonbita luzatu ziguten. Gainera, Baionako COOP kolektiboak proposatutako egoitza ibiltaria aurkeztu zuten, euskal ondare immateriala aztertzea helburu duen egitasmoa. Bertan bizi den artistetako batek, Nicolás Delpratek, COOP kolektiboko kide den Julie Laymondekin batera abuztuan Egulbati herrian egingo duten proiektua azaldu ziguten. Ondare Immaterialaren eta arte garaikidearen arteko harremana zinez gogorarazlea da, ez duzue uste?
Eta astea behar bezala amaitzeko, ondarea izanen dugu protagonista asteburuan ere. Baina hori asteleheneko postean kontatuko dizuegu, horra hor pista bat… http://www.mcu.es/cultura20/web/guest/agenda/cultural/mcu/listado/detalle?p_p_id=MCU_AGENDA_13&p_p_lifecycle=0&p_p_state=normal&p_p_mode=view&p_p_col_id=column-2&p_p_col_pos=1&p_p_col_count=2&p_r_p_564233524_event=1037790