Labrit Ondarean gazta oso gustuko dugu, hori ezin dugu ukatu. Blog honetan bertan adibidez, hainbatetan eman dizuegu Erronkari Gaztaren Sor-Markarentzako egindako lanen berri. 2019an ekin genion Idiazabal Gaztaren Ondare Immateriala biltzeari, bere Sor-markaren eskariz.
Ondare Immaterial Unitateen (OIU) exekuzioa aurtengo ilbeltzean hasi zen. Guztira, 10 OIU egitea aurreikusten da, 5 emakumezko eta 5 gizonezko, profil ezberdinekoak denak: gazta ekoizleak, artzainak, kooperatibak…
Proiektuaren helburua, gazta honen Ondare Immateriala dokumentatu eta erregistratzea da, gaztak berezkoak dituen fase eta elementu guztiak kontuan hartuz: esnearen ekoizpenaz arduratzen diren artzainetatik hasi eta gazten kalitatearen kontrola eramaten duten arduradunetaraino.
Dagoeneko, profil oso ezberdineko hiru Ondare Immaterial Unitate bildu dira: Patxi Perez ikerlaria, Idiazabal Dastaketa Batzordeko Zuzendari izateaz gainera, EHUko irakasle eta gazten kalitatezko ziurtagiriak emateko laborategian egiten diren azterketa sentsorialen arduraduna dena; Idiazabal Sor-markarentzako erreferentea izanik Ordiziako Idiazabal Gaztaren Kofradiako Lehendakaria den Jesus Mari Ormaetxea; eta Jatorri-deituraren sortzaile eta egungo Lehendakaria izateaz gainera, Aralar-Mendi Elkarteko eta Uharte Arakilgo Artzain Egunaren sustatzailea den Jose Mari Ustarroz.
Zapore goxoko proiektu honen aurrerapausoen berri izanen duzue aurki!