Gure lanaren emaitzek dituzten ondorioek gure proiektu propioa gainditzen dutenean, saihestezina da harro sentitzea. Horixe pasa zen joan den astean Noainen.
Orain dela pare bat urte Elortzibarreko Ondare Immaterialaren bilketa egin genuen. Eta gertatu ohi den bezala, bertako biztanleek euren Ondare Immaterialeko Unitateetan Nafarroako negu gogorrei buruzko historia asko kontatzen zituzten: hotza, lanak, inauteriei buruzko hainbat gauza eta txerri-hiltzeari buruzko hamaika kontu.
Bada, aurtengo neguan Elortzibarreko bizitza kulturalaren hainbat agente (Ardantzeta Dantza Taldea, Noaingo Gau Eskola, Dorreko Antzerki Tailerra, Noaingo Musika Eskola, CC Bidea, Grupo Scout Lykos, Noaingo Jubilatuen Elkartea, Udala Kultura Patronatuaren bitartez eta San Miguel ikastetxea) Labrit Ondareak bildutako elkarrizketak arakatzen ibili dira ibarrean garai honetarako beharrezko pertsonaia bat birrasmatzeko: Andrikaingo Txantxo, Txantxagain ezizenez ezagunagoa dena.
Kondairaren arabera, lapur honek behin urteko txerri-hiltzearen jaki guztiak lapurtu zituen. Herritarrak atzetik segika ibili ziren eta txoriz beterik zuen buru handiko pertsonaia hori harrapatu zuten.
Erreferentzia hau bildu izanari esker, XX. Mendeko bertako bestelako pertsonaiak berreskuratzeko aprobetxatu dute ibarrean, egungo mundura egokituz eta genero estereotipoak deuseztatuz: gari-jotzaileak, artzainak, errementariak, ardandegidunak…
Jendearen inplikazioa ikaragarria izan da eta Labriten oso zorionekoak sentitzen gara bertako imajinarioa eraikitzeko prozesu honetan parte hartu izanagatik.