INASAko langile borrokari buruzko dokumentala estreinatuko dugu Irurtzungo udalaren eskutik

Irurtzungo oraina ezin da azaldu 1956an INASA enpresaren etorrera gabe. Inguruan industria-aldaketa bat bultzatzeaz gain, Estatu osoko familia langile ugari erakarri zituen, eta langileen borroka garrantzitsuen lekuko izan zen. Borroka horiek, gainera, auzo-elkartasuna, auzolanaren kultura edo udal-eredu berri bat bultzatu zuten.

Irurtzungo Udalak langileen, senideen, sindikalisten eta garai hartako udal ordezkarien oroitzapenak bildu ditu haien ahozko memoria babesteko eta ostiral honetan testigantza horietan oinarritutako dokumental bat aurkeztuko du. Ahozko memoria horren bilduma eta dokumentalaren ekoizpena Labrit Multimedia kultur ondare immaterialean espezializatutako enpresak egin du.

Aitor Larraza Irurtzungo alkateak adierazi duenez, “dokumental honek industria-gune bati lotutako herri baten bilakaera erakutsi nahi du, eta langile horien antolaketari, elkartasunari eta borrokak lan-eskubideetan izan zuen eraginari balioa eman nahi die, baita eferbeszentzia horrek Irurtzungo gizarte- eta kultura-eremua nola eraldatu zuen ere”.

Bestalde, Labrit Multimediaren iritziz “Irurtzungo oraina ulertzeko ezinbestekoa da gure iragan hurbila ezagutzea, eta espero dugu liburua eta dokumentala tresna berriak izatea bide horretan sakontzeko”.

Ikus-entzunezko dokumentala eta USB-liburua
Dokumental etnografikoaren izenburua INASA: Irurtzungo langileon indarra eta arnasa da eta 63 minutuko iraupena du, euskarazko eta gaztelaniazko azpitituluekin.

Elkarrizketak konbinatuz, elkarrizketatutako pertsonak deskribatzen dituzten eszenak birsortu dira, herriko gazteen parte-hartzearekin, baita argazki historikoak eta protagonisten kontakizunak ilustratzen laguntzen duten prentsa-albiste zaharrak ere.

48 orrialdeko liburu bat ere argitaratu dugu, dokumentalaren osagarri. Bertan, elkarrizketatutako pertsonen fitxa, enpresaren eta langileen borroken ibilbidearen denbora-lerro infografiko bat eta argazki historikoen galeria bat jasotzen dira. Era berean, liburuak USB txartel bat darama barruan, dokumentala bi hizkuntzetan duela.

Parteka ezazu!

Share on facebook
Share on twitter
Share on whatsapp
Share on telegram
Share on email