Garilar: Ondare Immateriala ereinez eta uzta bilduz

Garilar, “gari larrea” esan nahi duen euskal toki-izena aukeratu zuten Galar Zendean garatutako Ondare Immaterialaren bilketa eta transmisio prozesua sinbolizatzeko. Ondare Immateriala identifikatu, babestu eta hedatzeko, ezinbestekoa da bilketa eta lanketa kontu handiz egitea, beharrezkoa den bezala lan esparruan mimoz aritzea. Hori aski jakina da Galarren.

Orain gutxi, 2014 eta 2015 urteetan egindako lana ezagutzera emateko web-orria jarri dute martxan. Lan horri esker, adineko 20 pertsonen oroitzapenak grabaturik eta babesturik gelditu dira. 20 lekukotza horiek betirako biltzen dute Zendeako XX. Mendeko errealitatea: bizimodua, harremanak, elikadura eta aisialdia, festak, errituak, gatazkak… Bederatzi herrietako (Arlegi, Barbatain, Cordovilla, Espartza, Eskirotz, Galar, Olatz, Getze eta Subitza) bizitza soziala, politika, kultura eta ekonomia erregistraturik gelditu dira eta orain hedatu ere egin dute, herritarrak nahiz kanpoko edonork ezagutu, bildutakoarekin identifikatu eta oroi dezan.

Web-orri honek gainera sekuentzietara gaika sartzeko aukera ematen du (gai nagusien arabera, etxea, herria, jaiak eta ospakizun erlijiosoak, politika eta guda, lanbideak edo bizitzako aroak, edo baita oraindik zehatzagoak diren bigarren mailako gaien bitartez ere) baita herriz herri edo elkarrizketatutako 20 pertsona horietako bakoitzaren lekukotzen bitartez.

Bizitza historia hauek Zendeako bizitzaren zati bat baino ez diren arren, dena azaltzen duen zati bat da. Norbanakoaren memoria txiki hauek Galarreko iragana ulertzen laguntzen digute: Gari larreetan gertatzen den moduan, oroitzapen bakoitza galburu bat da eta beharrezkoa da denak elkartzea zentzua izan dezan.

Parteka ezazu!

Share on facebook
Share on twitter
Share on whatsapp
Share on telegram
Share on email