Orain dela hilabete batzuk pozgarria den proiektu bati ekin genion. Asebetetzen gaituen proiektu bat da, bai gaiarengatik eta baita ibilbidean izanen ditugun bidelagunengatik ere. Intangia Elkartearekin eta Ángeles Querol UCMko katedradunarekin batera, Kultur Ondare Immaterialean euren ikusgarritasun publikoaren alde emakumeek egindako prozesu eta aldarrikapenak ikertzen gabiltza.
Kultur adierazpen immaterialak, gizarte jakin bateko genero ezberdinen arteko funtzio eta harremanekin lotutako ezagutza eta arauak biltzen eta transmititzen dituzte. Emakumeak, Kultur Ondare Immaterialaren komunitate eramaileen kide gisa, euren presentzia aktiboa eta ikusgarria aldarrikatzen hasiak dira. Analisi teoriko zabal bat egin ondoren, prozesu hori aztertu dugu zenbait adierazpenetan, Elcheko Misteri, Leongo Borroka edo Bidasoako Alardeak, besteak beste. Proiektu hau, Kultura eta Kirol Ministerioko Kultura arloko Genero Berdintasunaren Behatokiak, 2019rako duen Lan Egitasmoaren parte da.
Labriten ikuspegi feminista batetik jarduten saiatzen gara gure proiektu guztietan, baina ikerketa honetan egitea are eta erakargarriagoa izaten ari da.
Laster proiektu honen emaitzen berri emanen dizuegu… baina ez da bihar izanen, bihar Labriteko emakume guztiok planto eginen dugulako.
*Argazkia: El País.