2019ko Arte Ederretako Urrezko Domina jaso du Ángeles Querolek

Joan den urtearen amaieran albiste batek ilusio berezia egin zigun Labriten. Gure laguna eta maiz lankidea ere izan dugun Mª Ángeles Querolek 2019ko Espainiako Arte Ederretako Urrezko Domina jaso baitzuen. Kultura eta Kirol Ministerioak emandako sari honek arteen alorrean nabarmendu diren pertsona eta entitateei egiten die aitortza, bere kasuan Kultur Ondarearen babesaren alde egindako lanagatik. Hau ez da ordea jasotzen duen lehen aitortza, izan ere, 2015ean European Archeological Heritage Prize domina jaso zuen European Association of Archaeologist elkartearen eskutik.

Gaur egun, Ángeles Querol Madrilgo Complutense Unibertsitateko Historiaurrean Katedradun Emeritua da. Arkeologian ibilbide luzea egiteaz gainera (batez ere Arkeologia feministari dagokionean), Kultur Ondarearen kudeaketan erreferente bilakatu da hamarkada hauetan, bai bere argitalpenen bitartez (“La Gestión del Patrimonio Arqueológico en España” edo “Manual de Gestión del Patrimonio Cultural”, amaitzear du bere bigarren edizioa, non Labriteko hainbat kidek parte hartu duten) eta baita irakaskuntzan ere: Excelencia Internacional Moncloa Kanpusean Kultur Ondareko Klusterraren koordinatzailea izateaz gainera, 2017an Madrilgo Complutense Unibertsitateko eta Madrilgo Unibertsitate Politeknikoko Unibertsitate Arteko Masterra sortu zuen “El Patrimonio Cultural en el siglo XXI: gestión e investigación”.

Ondare Immaterialaren alorrean, 2014an Sara González Cambeiro gure kidearekin batera “El Patrimonio Inmaterial” liburua kaleratu zuen eta gainera, zorionez, bere parte-hartzea izan dugu gure proiektu askotan. Esaterako, 2018an, Ondarearen Europar Jardunaldietan antolatu genuen Jornadas sobre Viñedo Tradicional (argazkian) proiektuan edota orain gutxi Genero eta KOIri buruzko lanean.

Labrit Ondaretik Quero irakaslea zoriondu nahi genuke gure Kultur Ondarearen alde egindako lan guztiagatik egin dioten aitortzagatik. Urte askoan zure maitasun, aholku eta ideia bikainekin jarraitzea espero dugu!

 

 

Parteka ezazu!

Share on facebook
Share on twitter
Share on whatsapp
Share on telegram
Share on email