Erronkari Gazta goratzeko Jardunaldiak: urriak 5, 11 eta 19.

Labrit Ondarean Erronkariko Gazta gustatzen zaigu, hori ezin uka dezakegu. Gastronomiari dagokionez gustatzen zaigu, baina kulturalki…. izugarri. 2015etik lanean gabiltza elikagai honen elaborazioaren nahiz berari lotutako kultur eta natur paisaiaren berezitasunak ezagutzera emateko. Lehenik spot baten bitartez egin genuen (HEMEN duzue ikusgai), eta baita, 2017an egin genuen bezala, produktua goratzeko jardunaldi batzuen bitartez ere.

Urte hartan, “Pirinioen fruitu” hau eman genuen ezagutzera erreferente diren merkatu batzuetan: Madrileko San Antonen, Bartzelonako Santa Caterinan, Donostiako La Bretxan Iruñeko Bigarren Zabalguneko eta Santo Domingoko merkatuetan.

Hilabete honetan berriz, urrian, hurbilago geldituko garenez, asteburu hauetako batean Iruñean edo Donostian izanen zaretenoi gonbita luzatzen dizuegu Jardunaldi hauetara etor zaitezten:

  • Urriak 5, larunbata. 10:00 – 14:00. La Bretxa Merkatuan (Donostia). Sarrera: Boulevard Zumardia kalea, 3.
  • Urriak 11, ostirala. 10:00 – 14:00. Bigarren Zabalguneko Merkatua (Iruña). Sarrera: Tafalla kalea (Olite kaleko iskina).
  • Urriak 19, larunbata. 10:00 – 14:00. Santo Domingo Merkatua (Iruña). Sarrera: Merkatuaren kalea.

Goizean zehar, bi erronkariarrek Erronkari Gaztaren dastaketa eskainiko dizuete eta artzain erronkariar batek bi hirigune hauetatik Nafar Pirinioetara eramango zaituzte agerraldi baten bitartez.

Bertan egonen gara zuen zain!

 

 

Parteka ezazu!

Share on facebook
Share on twitter
Share on whatsapp
Share on telegram
Share on email