Erronkari Gaztaren Kultur Ondarea: Altxor materiala zein immateriala.

Labriten aspalditik kontziente gara Ondare Immaterialaren kudeaketaren ikerketa ez dela bere horretan helburu bakarra, bestelako zerbitzu edo produktuei balioa gehitzeko ere balio dezakeelako. Iaz izan genuen hori egiaztatzeko aukera, Erronkari Gaztaren Jatorri Izendapenarentzako prestatu genuen komunikazio kanpainarekin. Spot baten bitartez gazta eta bere sorlekua inguratzen duen paisaia kulturala eta naturala ezagutzera emanez. Ikusi ez bazenuten, hemen duzue bideoa ikusgai:

Aurten “Pirinioetako Altxor” hau zenbait merkatutan ezagutarazten gabiltza: Madrilgo San Antonen, Bartzelonako Santa Caterinan, Donostiako La Bretxan eta Iruñeko Bigarren Zabalguneko eta Santo Domingoko merkatuetan. Erronkariko kultura eta milaka urte dituen produktu honen sorlekua euren ohiko merkatuetan erosten duten pertsonei ezagutarazi nahi diegu. Eta zaila zenez Erronkariko klima, artzainak eta ardiak (latxa eta rasa arrazakoak beti) garraiatzea, imaginario honen zenbait ezaugarri hautatu ditugu iruditan eta zuzenean erakusteko.

Horrela, orain dela aste batzuk hasi ginen Erronkari Gazta goraipatzeko jardunaldiak ospatzen, produktuaren dastaketa eta gaztaren sorlekuaren kulturari buruzko informazioa eskainiz bisitatzen gaituzten pertsonei. Dagoeneko bi jardunaldi egin ditugu, Madrilen eta Iruñean eta emaitza ezin hobeak jaso ditugu. Deigarria egin zitzaigun egiaztatzea zer-nolako izen ona duen Erronkari Gaztak kontsumitzaileen artean. Igarri egiten zen oso balioetsita dagoela eta beraientzat kalitatearen sinonimo dela. Era berean, harrigarria da ere ikustea, Madrilgo auzo batean egonda ere, primeran kokatzen dutela Erronkari bailara nafar Pirinioan: Julian Gayarreren eta gazta famatu baten bailara da.

Post honek gosetu egin bazaitu eta Erronkariko kultura hobeki ezagutzeko gogoa piztu badizu, oraindik garaiz zabiltza hurrengo jardunaldietan parte hartzeko:

  • Apirilak 7: La Bretxa merkatuan- Donostia.
  • Apirilak 8: Santo Domingoko merkatuan – Iruña.
  • Apirilak 22: Santa Caterinako merkatuan – Bartzelona.

 

On egin!

 

Parteka ezazu!

Share on facebook
Share on twitter
Share on whatsapp
Share on telegram
Share on email