Labriten ez dugu soilik Ondare Immaterialaren kudeaketan lan egiten, tarteka Kultur Ondare Immateriala eta bere testuinguruak ere gure zaletasunetako batzuk dira.
Joan den uztailaren 6an, gure lankideetako batzuk Sanferminen inguruko Ondare Immateriala gertutik bizi zuten bitartean, beste batzuk Donostiara hurbildu ginen, Euskal Autonomia Erkidegoko Kultur Ondarearen arautegiaren inguruan dauden aukerak eta erronkak ezagutzera.
Kasu honetan, Ondare mota guztiak lantzeko jardunaldi bat izan zen, Arartekoak eta Euskal Herriko Unibertsitate Publikoak EHUko Udako Ikastaroen baitan antolatu zuena.
Profesionalen aurkezpen interesgarriak entzun genituen, esaterako Paola Bilanciak Italiako Kultur Ondarearentzako erregimen juridikoari buruz hitz egin zigun eta Juan Manuel Alegre Ávila Espainiako Kultur Ondareren arautegiaz aritu zen.
Baina horrez gain, Mª Ángeles Querol irakaslearen hitzaldian ere izan ginen, zeinarekin harreman oso estua daukagun eta miresmen handia diogun. Berak Ondare Immaterialaren ordenamendu juridikoan izan diren azkeneko berritasunak errepasatu zituen eta zenbait iradokizun egin zizkion gaur egun jendaurreko informazio fasean dagoen Euskal Kultur Ondarearen Lege Proiektuari.
Probetxuzko jardunaldia izan zen eta bertaratutakoen arreta erakartzea lortu zuen Kontxako badia bezalako paisaia ikusgarrien ondoan.