Labrit

Gure lan taldean hainbat arlotako profesionalak ari dira lanean. Batzuk etnografiatik, antropologiatik eta komunikazioaren mundutik heldu dira (kazetaritza, marketina…); beste batzuk, berriz, diseinuaren mundutik, ikus-entzunezko ekoizpenetik, informatikatik… Horrela, denon artean, eta bakoitzak bere jakintza arlotik ekinez, ederki aberasten dugu Labriten proiektuaren muinean dagoen begirada antropologikoa. Horrelaxe lortzen dugu Kultur Ondare Immateriala bildu eta babestea eta, horrelaxe erdietsi ere, edukiak, estrategiak eta hizkuntzak sortzea, oso egokiak transmisio-prozesuari balio erantsia emateko.

Kultura Ondare Immateriala

Adituak gara Kultur Ondare Immaterialaren kudeaketa osoan: hau da, altxor hori bildu, materiala goi kalitateko ikus-entzunezko formatuetan gorde, eta ondarearen transmisioa sustatzen duten tresnak sortzen ditugu.

Vitagrama

Giza talde ororen oroitzapena eta iruditeria biltzen ditugu, familia izan, enpresa izan, elkartea izan… Xehetasunez beteriko ondare ederra da, bai pertsonena, bai familiena, bai lanekoa, ondotik etorriko diren belaunaldiei erakusteko.

Komunikazioa

Gure kulturaren alderdirik immaterialenetan aritzen gara aztarrika, gorde nahi dugunaren funtsa ateratzeko, eta jendeari erakusteko, gure publikoaren sustrairik sakonenekin lotura eginda.

Transmisioa

Mendez mende, Kultur Ondare Immateriala ahoz igaro da belaunaldiz belaunaldi. Gaur egun, ordea, nekez irudika dezakegu transmisiorik, pantailek lagunduta ez bada. Mezua ez etetea, horixe da garrantzitsuena.

Gure nortasuna

Gure jarduera gure nortasunaren eskutik dator. Gure kultur sustraiak sendotzearen aldeko lanean dihardugu, gure adarrak zerumugarantz hedatzeko eta ahalik eta urrutien iristeko, baina bihotz-bihotzez maite duguna atzean eta bazterrean utzi gabe: gure herria eta gure kultura, alegia. Gure mendi-bazterretan oparo hazten diren zuhaitz urtetsu horiek bezalakoak izan nahi dugu, haien itzal goxora hurbiltzeko eta haizeak hostoen artean dakartzan beste garai eta leku batzuetako ahots eta oroitzapenen xuxurla entzuteko, bai eta enborren azalari darion bizia sentitzeko ere.